Oiartzungo
kulturgile edo kulturzale hori:
Mezu honen bidez, maiatzaren 7an Oiartzunen
egingo den KULTURAZ BETE ARTE
jardunaldietan parte hartzeko gonbidapena egin nahi dizugu.
Iazko apirilean, Oiartzungo kultur eragileon lehen asanblada egin genuen Ikastolako jantokian, Udalak deituta. Kultur aretoa egiten hasiak zirela aitzaki hartuta, Oiartzungo kultur ereduaren inguruan pentsa genezan elkartu gintuzten. Alde batetik bazegoen beharra aretoaz eta aretoaren kudeaketaz hitz egiteko, baina, bestetik, eta batez ere, herriko kulturgintzaren inguruan hausnartzeko gonbidapena egin ziguten: zein da gaur egun dugun kultur eredua eta zein da nahi duguna edo amesten duguna? Nola lortuko dugu hori? Zein pauso eman behar ditugu, nork, nola?
Galdera horiek erantzuteari ekin genion eta lau asanblada egin genituen. Hauek izan ziren asanblada haietatik atera ziren puntu nagusiak:
- Batetik, Oiartzungo kulturgintzak izatea nahiko genukeen ezaugarriak edo balioak zehaztu genituen: euskalduna, feminista, herritarra, herrigilea, parte hartzailea, horizontala, sortzailea, inklusiboa.
- Bestetik, hausnarketa-prozesua arinago joateko, asanblada hartatik talde eragile bat sortzeko proposamena egin zen, behin-behinekoa. Hiru helburu edo zeregin nagusi jarri zitzaizkion: Oiartzungo kulturgintzaren eta eraikin berriaren kudeaketa-eredua aztertzea, Oiartzungo kultur proiektua diseinatzea eta aurreko bi zereginak posible egingo zituen antolakuntza egituratzea.
Talde eragilean hainbat bilera egin ditugu elkarrekin. Lehendabiziko lanetako bat izan zen herriko kultur eragileen zerrenda egitea eta banaka elkartzea horiekin. Izan ere, garrantzitsua iruditzen zitzaigun hasia genuen prozesua ahalik eta eragile gehienen artean osatzea edo, behintzat, elkarren berri izatea (zein egoeratan dagoen eragile bakoitza, nola ikusten duen bakoitzak prozesua…).
Horrekin batera, beste bi lan nagusitan aritu da talde eragilea, bi azpitaldetan banatuta. Kultur proiektua lantzeari ekin dio lantalde batek: orain arteko kulturgintzaren gakoak identifikatu, kulturgintzaren artikulazio berri baterako oinarriak jarri, 2023ra bitarteko programazio bat pentsatu… Kultur kudeaketaren inguruan aritu da bigarren lantaldea. Gure herrira egokituko den eredua sortzeko beharra, beste herrietako ereduetatik ikasteko aukera, baliabideak kudeatzeko modua, bideragarritasun ekonomikoa… horiek izan dituzte hizketagai.
Lantalde horietan atera diren ideia,
hausnarketa eta zalantzei erantzuna emateko asmoz sortu da maiatzaren 7ko Kulturaz Bete Arte jardunaldietarako
proposamena. Izan ere, uste dugu herriko kulturgile eta kulturzaleok erabaki
behar dugula kultur eredu berri hori zertarako, nork eta nola egin behar duen.
Jardunaldien helburua, beraz, gai horien inguruan janztea da, jakintza
elkarbanatzea eta herritarrok ahalduntzea. Egun
osoko egitaraua antolatu dugu horretarako eta egitaraua eta izena emateko modua aurkituko dituzue gune honetan.